XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Elur-txori elkarteak antolatuta
Paulo Zubiarrain Hernani Txikia bertsolaria omenduko bihar bere jaioterriak
Txikia bertsolariari omenaldia bihar.

Paulo Zubiarrain Hernani Txikia omenduko du bihar bere jaioterriak.

Elur-txori elkarteak antolatu du omenaldi hau, bertako bazkide den Pauloren ohoretan.

Murua, Amuriza, Lazkao-Txiki, Egaña, Sebastian Lizaso eta Mendizabalek kantatuko dute omenduaren goratzarretan gaueko 10etan Polikiroldegian egingo den jaialdian.

Hernaniko Telleria baserrian jaio zen Paulo Zubiarrain 1912ko urriaren 12an, bertsozalez eta bertso-paperez inguratutako familian eta bertsolariz osatutako bailaran.

Aitona, Pedro Mari Otañorekin bertsotan aritua zen.

Aitak eta anaiek ere jarduten zuten kantari.

Gazte denbora Urnietako Agerre mendian igaro zuen artzain.

Hala kontatzen digu bere bertso batean:
Mendi hortantxe artaldetxo bat
guke izaten genduan
gazte denbora hor pasia naiz
ni aitonaren onduan
leku hoberik zenikan ere
oroitugabe munduan
geroxiore askoz hobe nun
bertan iraun banun
.

Eta mendi hortantxe aritzen zen Paulo Txikia bertsotan bere gisa: asko kantatzen nuen orduan eta gozatu ere bai, bertsoez pentsatzen.

Baina Zubiarrain ez zen beti ardiei, arranoei, zuhaitzei eta behorrei bakarrik kantatzen ari.

Oso gazterik plazaratu zen. Hamazazpi bat urterekin hasiko nintzen eta nere lehen saioa Txirrita, Frantsesa eta Saibururekin egin nuen.

Dexente kantatu nuen haiekin.

Gerora Uztapide, Basarri, Zepai, Txapel eta jira horretako bertsolariekin ibili nintzen kontatzen digu.

Gaina artzai gaixoen paradiso zen mendia utzi eta kalera jaitsi behar izan zuen, hain zuzen ere Donostian egon zen etxebizitza bateko atezain urte mordoska batean.

Eta eztarriak gehiegi laguntzen ez zion bertsolariari kale gorriak ere ez zion bertsotan jarraitzeko alimo haundirik eman.

Hala ere, ez zuen bertsozaletasuna sekulan galdu.

Bertsotarako afizio haundia dut.

Ez dut jaialdi bat ere hutsegin izan.

Eta zaletasun horrek eraginik argitaratu zuen Auspoa bilduman Ia kantatuz bezala liburua, 1985ean.

Eta bertsolariek eta bertsozaleek ere ez dute ahaztua Paulo Txikia.

1981eko urtarrilaren 18an egin bait zioten omenaldi haundi bat Donostian, Errezilgo Loidisaletxerekin batera.

Bihar, berriz, Hernaniko herriak eskainiko dio.

M.A.